Zemendiaren 25a: Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna

Genero-indarkeria orain dala gutxi arte ezkutuko delitua izan da, ikusezina, eta munduko bazter askotan oraindino bere halaxe da. Patriarkatuaren urrezko ustea da emakumezkoak familiako gizonezkoen jabetzako objektuak dirala, eta horren haritik, baita gizonezko guztiena bere, eta emakumezkoak gizonezkoen menpe egon behar dabela, gizonezkoei men egin eta gizonezkoen desioak asetu. Boterea gizonezkoena da, eta zuzentzeko eta zigortzeko gaitasuna bere gizonezkoena da.

Pixkanaka, eta batez bere gure gizartean, egoera horrek aldatzen dihardu, batik bat ahots urratzaile, borrokalari batzuei esker, batzuetan bakarka, beste batzuetan taldeka, emakume guzti-guztien (salbuespen barik) duintasuna eta erabateko bizitza izateko eskubidea defendatzen ebelako eta dabelako. Zemendiaren 25a ospatzeak balio deusku urtero hausnartzeko bidean emoten doguzan pausoez eta egiteke geratzen jakuzenez. Bidea luzea da, eta bidean guztiok (gizarte osoak, oro har) hausnartu eta parte hartu beharra dauka giza eskubideekiko gizarte bidezkoagoa eta errespetuzkoagoa lortzeko proiektuan.