Albisteak

 

Mende luzeetan zehar andrazkoak historia ofizial deitzen jakon horretatik kanpo gelditu dira. Bardintasunean bizi gura badogu, baina, ahalegina egin beharko dogu emakumeei benetan izan daben eragina eta lekua emoteko eta aitortzeko.

Gizaldietan zehar ezkutuan gordetako historia hori orain dala hamarkada gitxi hasi jaku begi aurrean agertzen. Argi dago, halanda bere, andrazkoek garrantzi handiko zeregina izan dabela gizarte eta aro guztietan. Ama eta jagole lanak bete dabez historia osoan zehar, euren seme-alabak edota menpekotasunen bat eukien pertsonak zaintzen, bai eta etxeari eusten bere.

 Gizarteak, ostera, gitxietsi egin ditu beti lanok. Baina holango beharretan ezeze, gizonezkoek idatzitako garapen politikoan eta zientifikoan, gizarte arlokoan, kulturalean eta ekonomikoan bere hartu dabe parte, gehien-gehienetan isilpean gelditu diran arren.
Historiako hainbat eta hainbat mendetan ez da andrazkoen aipamenik agertzen, ilunpean gelditu dira, Gizateriaren Historia handi hori gizonezkoen historia izan dalako.

Proiektu honen helburua Historia barriro idaztea da, gure herriarena hain zuzen bere, genero ikuspegia jagonda, hau da, Mungiako emakumeek herriaren iraganean (aspaldikoan zein oraintsukoan) izan daben protagonismoaren barri emonda. Asmoa argia da: euren lana, ideiak edo ahalegina gure herriari eskaini deutsiezan emakumeen protagonismoa berreskuratutea eta herriaren garapena eta aberastasuna handitzeko edo herritarren –hango zein hemengoen– ongizatea hobetzeko ekarpenen bat egin daben Mungiako alaba horreek ikusgarri bihurtutea.

Gure helburua gizon eta andren arteko benetako bardintasuna lortzea da, eta horretarako, ezinbestekoa da gaur egun euron artean arlo guztietan dagoan desbardintasunaren oinarri diran rolak eta hartu-emonak identifikatzea, aspaldi errotutakoak dira-eta. Horretara, ikerketaren bidez, gure gizartean balore aldaketa bat egiteko bidea zabaltzea espero dogu.

Aldi berean, beka hau eskuratuko daben pertsonen prestakuntza eta lan-ibilbidea garatzen bere lagundu gura dogu.

 Deialdiaren oinarriak jaitsi (PDF 259KB)

 Deialdiaren kartela jaitsi (PDF 406KB)