Albisteak

 

Mungialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak webgune berria (www.mungialde.eus) estreinatu du. Arrieta, Bakio, Gamiz-Fika, Laukiz, Meñaka eta Mungiako udalerriek osatzen duten mankomunitatearen jarduna ezagutarazteko xedea du aipatutako tresnak.

BiscayTIK Fundazioak egindako webgune berriari esker, herritarrak modu erraz eta azkarrean sar daitezke euren eskura dauden gizarte-zerbitzuei buruzko informaziora, baita Mankomunitateak berdintasunaren eta adikzioen prebentzioaren esparruan antolatzen dituen jardueretara ere.

www.mungialde.eus

www.mungialde.eus webguneak diseinu moderno eta intuitiboa dauka, eta, bertan, informazio erabilgarria topatuko dugu, Mankomunitateari eta horren funtzioei buruz, lau atal handitan banatuta:

  • Mankomunitatea. Erakundearen informazioa kontsultatu daiteke: egoitza, harremanetarako bideak, Kontratatzailearen Profila, sinatutako hitzarmenak...
  • Gizarte Zerbitzuak. Atal honetan, kolektiboei eskaintzen zaizkien laguntzei buruzko informazioa eskuratu daiteke, baita pertsona nagusiei eta euren zaintzaileei arreta eskaintzeko xedea duen Jagoten programari buruzko informazioa ere.
  • Berdintasuna. Mungialdek modu aktiboan egiten du lan, genero-berdintasunaren eta dibertsitate funtzionalaren alde. Atal honetan, berdintasunean oinarritutako gizartea lortzeko abiarazitako programa eta laguntzak daude eskuragarri.
  • Adikzioen prebentzioa. Adikzioen prebentziora bideratutako ekintza eta programa guztiak kontsultatu daitezke hemen, baita gaiaren inguruko araudia eta intereseko beste esteka batzuk ere.

Webguneko informazio guztia euskaraz eta gaztelaniaz dago eskuragarri.

Online izapideak

2018ko urtarriletik aurrera, webgune berriak online izapideak egiteko aukera eta fakturak sartzeko gune orokor bat eskainiko ditu, BiscayTIKek garatutako gainerako udal webguneetan gertatzen den bezala.

Online izapideekin, herritarrek Mankomunitateko kudeaketa ohikoenak egin ditzakete, mugitu beharrik gabe, ordutegi mugarik gabe, ilararik itxaron gabe eta nahi duten gailua erabilita. Interneterako konexioa besterik ez da behar.

Sistema honi esker, izapideari lotutako dokumentazio guztia deskargatu ahal izango da, sinatuta eta Mankomunitateak modu digitalean balioztatuta, leihatilan lortutako dokumentazioaren trataera eta balio berarekin. Gainera, pertsona bakoitzaren indarreko kudeaketen egoera eta eskaeren historikoa kontsultatu ahal izango dira une oro.

Webgunean jakinaraziko da bi hobekuntza horiek noiz hasiko diren martxan. Hemendik aurrera, Mankomunitateak webgunean argitaratuko ditu bere jardunari lotutako berritasun guztiak.

Interneteko gune berri honi esker, Mungialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea gaurkotu egin da, eta herritarrei zerbitzua eskaintzeko eta horiengandik hurbilago egoteko ezinbesteko tresna sortu du.